Proiektuaren egoeraren balorazioa

Ikusita zein izan den Hondarribiko alkatearen zein bera eusten duen EAJ-PNV alderdiaren jarrera, bai aurreko ostegunean, hilearen 19an, izandako udal bilkuran, zein hurrengo egunean alkateak berak emandako prentsaurrekoan, argi gelditzen da alkateak eta bere alderdiak Zaldunbordako makro outlearen proiektu itzel eta zentzugabekoaren aldeko apustu irmoa egiten dutela.

Beste behin, Sagarzazu jaunak ez zuen hondarribitar guztien alkatea izan nahi; beste behin, gainontzeko alderdiekiko eta alderdi horiek ordezkatzen dituzten hondarribitarrekiko mespretxua azaldu zuen alkateak. Eta horretaz ari garela, gogoratu beharra dago hautesle gehiago direla, EAJ-renak baino. Guk jarrera hori salatu nahi dugu, demokratikoa ez delako.

Beste behin, garbi utzi dute, herritarren gogoz kontra bada ere, aurrera segituko dutela Zaldunbordako makro outlet-aren proiektuarekin, izaera urbanistikoko ez betetzeak babesten eta justifikatzen jarraitu behar badute ere.

Garbi dago alkateak eta bere alderdiak ez dute ondo pentsatu proiektuak ekarriko dituen zorigaiztoko ondorioak. Eta pentsatu badute, orduan ez zaie axola … Ez zaie axola proiektuaren kostu sozioekonomiko latza; ez zaie axola proiektuak sortzen duen ingurumen-inpaktua, kontuan harturik duela gutxi Gasteizko Legebiltzarrak erkidegoaren “emergentzia klimatikoa” aitortu badu ere.

Hondarribiko alkateak hartutako erabakia larria da, udalerriko eremua gainditzen duelako (proiektuaren txostenak horrela esplizitatzen du eta). Beraz, ulertzekoa da inguruko herrietan sortutako alarma eta ondorengo gaitzespena, herriz herri, udal bilkura desberdinetan, ea aho batez onartzen ari diren mozioak lekukoak izanik.

Alkate jauna ezin da desenkusatu besteek ere “egin dutela” argudio sinplistarekin. Baliteke aipatutako beste horiek gaizki egina izana hainbatetan, ziur baietz … baina gure betebeharrak, eta alkatearenak ere, etorkizunari begiratzea izan behar du; eta beraz, iraganean beste batzuek bete izandako akatsak berriz ez errepikatzea. Eta aipatzen ari garen etorkizuna, hiritarrek nahi duten etorkizun hori, ezin da eraiki tranpak eginez … Hori ez baita ZINTZOA izatea.

Zintzo eta etikoa bai dela alakateak, Jaikibeli buruz, 2014an, sinatu zuen hau: “… azpiegitura handiak eraikitzea, lurraren erabilera desegokiak eta balioak ez ezagutzea bertako aberastasun naturalerako mehatxuak dira. Hori dela eta, aldarrikatu behar dugu gizakiaren garapenak ondare oro zaintzea izan behar duela oinarri. Badakit Jaizkibel kontserbatzeko eta hurrengo belaunaldiei transmititzeko konpromisoa dugula…”.

“Zaldunborda gelditu” hiritar plataformak bat egiten du hitz horiekin, izan ere, hitz horiek bai ordezkatzen dutela hiritar gehienek pentsatzen dutena. Hitz horiek bai islatzen dutela gehienok partekatzen duguna: ingurumenarekin arduratsua, sozialki jasangarria eta hurrengo belaunaldietarako duina izango den etorkizuna, hain zuzen ere.

Eta Zaldunbordako etorkizuna hori izango ez den bitartean alkate jaunak eta berak ohoratzen duen enpresen sareak parean izango gaituzte hiritarrok, plataforma honetan. Hiritarrok gogoeta egin dezala eskatzen diogu alkate jaunari, sentibera izan dadila sortzen ari den haserrearen aurrean, arduratsu aritu dezala, eta ez dezala historiara pasatzeko arriskua izan, Txingudi – Donostia korridorearen eraispen sozio-ekonomiko eta paisajistikoan, aktiboki lagundu zuen alkate hura moduan.

“Zaldunborda gelditu” plataformak kalteturik izan daitezkeen herritarren aurrean pedagogia egiten jarraituko du, herriz herri, auzoz auzo. Atxikimenduak jasotzen jarraituko dugu. Guk gizarte-, ekonomia- eta politika-eragile desberdinekin, edota erreferente instituzionalekin biltzen jarraituko dugu; eta ongi azalduko diegu Zaldunbordako makro outlet-aren proiektua zergatik den lasterketa eroa eta zentzugabea, zergatik den gutxi batzuen interesak defendatzen dituen baina aurrez aurre gure etorkizunari erasotzen dion proiektua.

Osoko bilkuraren balorazioa

Ingurumenaren alderdiari dagokionez, plataforman dauden ingurumen-taldeek EAJk osoko bilkuran izan duen jarrerari buruz egiten dugun balorazioa erabat negatiboa da. Txomin Sagarzazu alkatearen adierazpenak hipokresia-ariketa argia dira, errealitatearekin zerikusirik ez duena. Zabortegi zaharraren zigilatzea ingurumen onura gisa saldu nahi izatea, eusten ez den falazia bat da, eta adimena iraintzea. Teknikoki eta zientifikoki oso onartuta dago ingurune naturalean degradatutako eremuetan esku hartzeko ezinbestekoa dela eremu hori bere egoera naturalera itzultzea, kasu honetan, lurzoruen deskontaminazio sakon baten bidez. Eta hori da, hain zuzen ere, alkate jaunak horri uko egin diezaiogun eskatzen diguna. Gainera, deskontaminazio lanak ez daude zuzenean lotuta mega outlet-aren proiektuarekin, hori baieztatzea egiari muzin egitea da. Obra horiek duela urte asko erabaki ziren, eta eremu horretan mega outlet bat, parke tematiko bat edo lorategi botaniko bat jartzea alde batera utzita egin behar dira.

Etsigarria da arduradun publiko batengandik ingurugiro abantaila bezala justifikatzea, justu kontrakoa eragiten duen proiektu bat. Gainera, modu zinikoan egiten du, gune horretan dauden ingurumen-balioak ezagutzen dituelako. Espediente honetan dauden txostenek balio horiek argi eta garbi jasotzen dituzte. Hala ere, modu kontzientean jarduten du kontrako norabidean.

Habitatak (batzuk interes komunitariokoak), flora, korridore ekologikoaren existentzia (tamaina txikikoa eta funtzio mugatukoa) eta haren moteltze-eremua, Natura 2000 sareko Jaizkibel eta Aiako Harria eremuak lotzen eta koherentzia ematen dituena, hegazti migratzaileak, oso kaltetuta geratuko dira proiektu honen bultzadari eutsiz gero. Azalera natural handi bat artifizializatzeak ingurumenean eragiten dituen ondorio kaltegarriez gain, proiektuari lotutako jarduerak sortuko duen kutsadura atmosferikoa, akustikoa eta luminikoa eragindakoak gehitu behar dira. Ez da hutsala ibilgailuen trafikoaren hazkunde neurrigabea, berez mugikortasun jasangarriaren printzipioaren aurkako jarduera baita, berotegi-efektuko gasen emisio handiak eraginez erregai fosilak erabiltzeagatik eta kutsadura akustiko handia eraginez. Ez nahastu, berotegi-efektuko gasen isurketak murriztea (CO2) da klima-aldaketaren eta berotze globalaren aurka borrokatzeko plan guztien helburua, ez horiek handitzea, hori baita mega proiektu honek eragingo duena.

Pentsatu nahi dugu Eusko Jaurlaritzak 2030erako ingurumen-helburuei, larrialdi klimatikoari eta abarri buruz egiten duen publizitatea jarrera arduratsu baten ondorio dela, eta jarrera horrek egitura guztiak kutsatu eta behartzen dituela, eta ez marketin-kanpaina soil bat. Zentzu horretan, sinistu nahi dugu Eusko Jaurlaritza ez dela prest egongo mega outlet-aren proiektu honek larrialdi klimatikoari buruzko bere politika globala zalantzan jar dezan.

Alkateak mega proiektu hori bultzatzea ez dator bat bere alderdiak Gazteizen onartuko dituzten aurrekontuen bidez eta duela gutxi Madrilen egindako klimari buruzko goi-bileran parte hartuz defendatzen duen politika berdearekin. Ez gaitezen engaina, 70.000 m2 hormigoiz estaliz artifizializatzeak Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu berdeak gris ilun bihurtzen ditu, proiektu honek maila guztietan (ingurumena, gizartea, etab.) ematen digun etorkizuna bezala, eta bere diskurtso ekologista falazia hutsa bihurtzen du.

EGUZKI eta BIDASOALDEKO LAGUNAK

Horregatik guztiagatik, Hondarribiako Udalari eta agintari eskudunei eskatzen diegu koherenteak izan daitezela eta ez dezatela proiektu hau baimendu, 211/2011 Dekretuaren 2. artikulua aplikatuz eta betez, zeinak Garapen Iraunkorrari buruz honakoa ezartzen baitu:


a) Lurzorua zentzuz erabiltzea eta dagoeneko artifizializatuta dauden lurzoruen erabilera intentsiboa lehenestea, lurzoru naturala urbanizaziotik babestuz.

b) Hiri-bereizketa eta -sakabanatzea saihestea, bai eta mugikortasun induzitua ere, irisgarritasuna erraztuz, lurzoruaren erabilerak eta mugikortasuna modu integratuan planifikatuz eta hiri-egitura trinko, sendo eta konplexuak sustatuz.

c) Baliabide naturalen erabilera jasangarria sustatzea: ura, energia, lurzorua eta materialak.

d) Habitatak eta espezieak, natura-ingurunea eta konektibitate ekologikoa zaintzea eta hobetzea.

e) Paisaiak eta kultura-ondarea zaintzea eta hobetzea.

f) Energia aurreztea, energia berriztagarrien eraginkortasuna eta erabilera eta kogenerazioa sustatzea.

g) Aire garbia eta zarata-maila altuen eta argi-kutsaduraren eraginpean dauden biztanleen murrizketa bermatzea.

 

 

Hondarribia 2019-12-26


Zaldunbordari buruz alkateak ezohizko bilkuran eta ondorengo prentsaurrekoan esandakoari buruz, Amuitz, Hondarribiko merkatarien elkartetik esan nahi diogu, merkatari txikiei buruz adierazitako kezka gezurra dela. Hala balitz, ez lukeelako onartuko Zaldunbordako mega outlet aren eraikuntzak suposatzen duen arriskua. Gertuko merkataritza desagertzeko arrisku egoera larrian dago, honen adibide garbiak dira Eusko Jaurlaritzak eta merkatari elkarte ezberdinek honen alde telebistan eta sare sozialetan bultzatutako etengabeko kanpañak. Alkateak plenoan gaur egun gertuko merkataritzarentzako ez direla garai onenak onartu zuen, hala eta guztiz ere alderdiak daukan nagusitasunaz baliatuz megan outletaren eraikuntza positibotzat hartzen duen adierazpen instituzionala aurrera atera dute. Merkatariak engaiaturik eta abandonaturik sentitzen gara alkatea eta bere gobernu kideengatik. Argi eta garbi esan nahi dugu outlet hau eraikitzen baldin bada eskaparate lehiaketa eta gabanetako merkatu batek ez dituztela gure negozioak salbatuko. Hau baldin bada alkateak gurekin elkarlan egiteko duen ideia nahiago dugu gure baliabideak guk kudeatu eta elkarlana guztiz etetea.

AMUITZ, Merkatarien Elkartea